top of page

 

GURE METODOLOGIA

​

Benetako eta hezur-maminezko haurrekin lan egin nahi dugu gure ikasgeletan, haurrek eguneroko dinamikari ematen dioten aberastasun guztiaz. Haur bakoitza berezia eta originala da, neska zein mutila delako, etxeko zaharrena zein gazteena delako, beste kultura batekoa delako, betaurrekoak dituelako, eskolara gurpil-aulkian joaten delako edota oraindik askaritarako frutaahia gustatzen zaiolako.

​

​

Eskolan haurren beharrizanak, eskaerak, beldurrak eta desioak entzun eta ulertzen saiatuko gara, eta horiexek hartuko ditugu abiapuntutzat haurren garapena eta ikaskuntza bideratzeko egoerak diseinatzerakoan.

Gure ikasleen autonomia moral eta intelektuala sustatu behar dugu. Hezitzaileak gara eta beharrezkoa da haurrei erabakiak hartzeko ematen diegun gaitasunari buruzko hausnarketa egin dezagun.

​

​

Aniztasunarekiko arreta gure hezkuntza esku-hartzea egituratzen duten ardatzetako bat da. Haur guztiak desberdinak dira eta gure ikasgelek aniztasun hori errespetatu eta sustatzeko antolatuta egon behar dute. Hasieran aipatu dugu haur bakoitzaren originaltasuna. Beraz, badakigu gure taldeak heterogeneoak izango direla eta aberastasun-iturritzat hartuko dugu heterogeneotasun hori. Sexua, kultura eta ezaugarri pertsonalak direla eta, haur bakoitzak ezaugarri bereziak eta ikasteko estilo propioa ditu.

​

​

Gure ikasgeletan haurren arteko harremana sustatuko dugu. Vigotskyk definitutako “garapen hurbileko zonan” mugitzen saiatzen gara eta badakigu haurrek ez dutela helduekin dituzten harremanen bidez solik ikasten, beren kideekin dituzten harremanak ere funtsezkoak baitira ikaskuntza prozesuan.

​

​

Edukiak era esanguratsuan eta haurren interesei zuzenean loturik eratzea eta aurkeztea da guretzat osotasuna. Ez dugu ahaztu behar harremanak eta afektibitatea eskolan gertatzen denaren motorea direla. Astelehenetan edota oporren ondoren eskolara itzultzeko motibaziorik onena bertan Imanol edo Miren ikusiko ditugula jakitea izaten da maiz. Haurrek beren desio eta beharrak entzun eta bete egiten direla antzematen dutenean, gogo biziz parte hartzen dute eta eskolako dimanika aberasten dute. Era horretara, eta horrela bakarrik, murgilduko gara, denok batera, haurrak nahiz helduak mundua ulertzeko ahaleginetan, hau da, ikaskuntza osatzeko galderei erantzuteko prozesuan.

Haurren taldean denek gogo biziz onartzen duten proiektu bat sortzen denean, era askotariko lanetan inplikatzen gara. Ondorengo kapituluetan deskribatuko dugunez eta jasotako materialetan ikus daitekeenez, irakasle, ikasle eta familiak informazioa jaso eta osatzeko prozesuan murgiltzen gara; horretarako haurtzaroko esperientziak gogoratu, entziklopediak kontsultatu, amonaren ipuinak entzun, hiztegian bilatu edo aldizkari espezializatuetako argazkiak ebaki beharko ditugu. Proiektuen bidez, era askotariko garapen-gaitasunak azaleratzen dira. Eta gaitasun horiek ez dira kognizioarekin loturikoak soilik, gizarte harremanetakoak, pertsonen arteko elkarreraginekoak, linguistikoak eta mugimenezkoak ere azaleratzen baitira. Guztiok murgilduko gara lan horretan, esanahia eta zentzua dituelako, galdera garrantzitsuetarako erantzunak bilatzen ari garelako, eta, era horretara, ikaskuntza funtzionala eta esanguratsua ziurtatuta dugulako.

​

​

Gure ikasgela eta ordutegietan, aurreikuspenak egiten eta ustegabeak barne hartzen lagunduko digun egitura garbi eta, aldi berean, malgua definitzen da pixkanaka. Egitura hori garbia eta haurren proposamenak entzutearen ondorio denean, haurrek badakite zeintzuk diren arauak, zer aurkituko duten goizero, zer erabaki har ditzaketen, hau da, guztien lana arautzen duten hitzarmenak.

​

​

 Era horretara antolatuta, haurra lasaiago dago, pertsona heldu bat dagoela ikusten baitu inguruan gertatzen denari zentzua ematen. Halaber, egiturak argia eta sendoa izan beharko du, proiektu batean murgiltzeak nahitaez ekarriko dituen ustegabeak eta jarduera-aldaketak (itxurazko nahaste-borrastea) barne hartzeko gai izan dadin. Proiektuei denbora gehiago ala gutxiago eskainiko diegu taldearen ezaugarrien, ikasturteko unearen eta hautatutako gaiaren arabera.

CURRICULUM BERRIA

bottom of page